Jose Maria Casado: “Aniztasuna aberasgarria da” - IESO-CP Larraintzako Ikastetxea - Ikasnova
Jose Maria Casado: “Aniztasuna aberasgarria da” - IESO-CP Larraintzako Ikastetxea
Jose Maria Casado: “Aniztasuna aberasgarria da”
2022/02/01
Pasa den urtarrilaren 21ean, Nafarroako Gaixotasun arraroen edo ezohikoen (GERNA) taldeko Jose Maria Casadok eta Berta Gimenok Larraintzarko Ikastetxea bisitatu zuten, 4.DBHko ikasleekin desgaitasunaren inguruan hitz egiteko. Topaketa hau baino lehen, Casadok bideokonferentzia bat izan zuen ikasleekin pasa den azaroaren 19an.
Casadok berak, beste bi adiskideren laguntzarekin, GERNA taldea sortu zuen 2012an. Helburua, orduan, ez ohiko gaixotasuna duten pertsonek protagonismo gehiago izatea eta Nafarrroako Ospitale Gunean atentzio hobea lortzea zuten. Borroka horretan jarraitzen du 67 urteko gizon honek. Duela 35 urte ikusmena galtzen hasi zen, erretina kaltetzen duen gaixotasun baten ondorioz. Gaur egun, itsu dago, baina horrek ez dio ikasten jarraitzeko indarrik kentzen. Psikologia karrera ateratzen ari da Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta, hezkuntzan bertan, aurkitu ditu oztopo handiak, edukiak itsuentzat egokituak ez baitaude. Hori dela eta, “gutxiago naizela sentitu izan dut”, aipatu zuen Casadok.
Inklusioa bultzatu
Desgaitasunak dituzten pertsona guztien inklusioa indartzeko hainbat aholku eman zituzten GERNAko bi kideek. “Batzen gaituen hori aurkitzea da irisgarritasun unibertsalaren gakoa” adierazi zuen Casadok.
Horrekin batera, Berta Gimenok gizartearen elkartasuna eskatu zuen. “Askotan, laguntza behar duen norbaitekin topo egiten dugu, baina laguntza nola eman behar dugun ez dakigunez, geldirik egoten gara. Egoera horietan, hoberena, laguntza behar duenari zer behar duen edo nola lagundu al diogun galdetzea da, berak esango baitigu zer egin behar dugun”, azaldu zuen gizarte-lagile honek.
340 familia
GERNA taldea 340 familiek osatzen dute eta horietatik 80 pertsonek 18 urte baino gutxiago dituzte. Osotara, 180 gaixotasun desberdin baino gehiago zenbatzen dituzte eta “15 bat gaztek ez dute euren gaixotasuna identifikatuta, diagnostiko prozesu batean daude”. Gaixotasunak izena ez izateak sekulako kaltea sortzen du, “diru laguntzetara edo osasun tratamenduetara heltzeko prozesua asko oztopatzen baitu”, azaldu zuen Casadok.
10 milatik 5 edo pertsona gutxiago kaltetuak izan behar dira ez ohikoa den gaitza izateko eta horrek “gaixotasun hauek ikertzea zailtzen du”. Nafarroan 38.000 pertsonek gaixotasun arraroren bat dute, biztanleriaren %3a gutxi gora behera. Dena den, Casadok argi utzi zuen “arraroa gaixotasuna da, ez pertsona”.
ONCE Proiektua
4.DBHko ikasleek ONCEk antolatu duen “El camino que nos hace iguales” proiektuan parte hartu dute. Ekimen honen helburua, desgaitasuna duten pertsonen inklusioa hobetzea da.