Gutaz ez atzendu, etorri bisitan!

17/04/2020

Lagundu, partekatu, zaindu, babestu… horrelako hitzak maiz erabiltzen ditugu gure ikastetxean baino ikasturte honetan LH6. mailako ikasleek hitz horiek praktikan jartzeko aukera izan dute. Irakasleok anitzetan pentsatu izan dugu: Zer egin dezakegu Gerendiaingo zahar etxean daudenekin?  zergatik ez dugu elkarrekin proiekturen bat egiten? Hamaika ideia buruan eta aurten erabaki genuen gure ordutegian saio bat horretarako finkatzea, “ikasketa eta zerbitzu solidarioa” egiteko.

Astean behin Gerendainen dagoen Santa Teresa Jornet izeneko zahar-etxera joan dira ikasleak;  ez bakarrik bisita egitera, baita han dauden aitatxi-amatxikin ekintza desberdinak egitera ere:  txisteak kontatzera, agureen ttikitako bizipenak entzutera, irrifarrak trukatzera, adinekoen ilusioa sentitzera… azken finean, elkar ezagutu eta elkar goxatzera.  Une horietan hitzekin deskribatu ezin diren momentuak bizi izan dituzte. Azkeneko egonaldian, amatxi batek agurtzerakoan hitz hauek esan zituen: “Gutaz ez atzendu, etorri bisitan”.

Ihauteriko bisita

Polita izan zen ehun ikaslek kutsatu zuten bizitasuna Gerendiainko Santa Teresa Jornet zahar etxea margotua ikustea. Belaunaldi desberdinak nahastuak, bizitzari erakutsiz adina ez dela oztopo pertsonak elkar bizitzeko. 

Bestalde, Inauteriak mendez mende, herritik herrira mantendutako tradizio luzea dugula probestuz, DBHko ikasleak ere haiengana hurbildu dira.  Gure arbasoek zaindu eta opari diguten tradizio hori haiekin bat egitera. Gaur, gure agureak, baldintzatuak daude festari soka emateko. Gorputzaren ahultasunean giltzaperatuak ez diote uko egiten, ordea, barreari, dantzari, abestiari. Hankek jarraitzen ez badute ere, eskuak nahikoak izan dira erritmoari jarraitzeko. Eta, gauza guztien gainetik, GAZTERIAREN LAGUNTASUNA. Haien alaitasuna, mugimendua, indarra nahikoa dute haien izatea elikatzeko.

Orduz geroztik COVID-19 delakoarengatik ez dira gehiago joan, ez 6. mailako ikasleak ez eta DBHkoak ere, baina presente dituztela eta anitz oroitzen direla ez dute ukatuko. Hori dela eta, bakoitza bere etxetik eskutitz bat idazten ari da bertara bidaltzeko, momentu latz hauek ahalik eta xamurren bizitzen laguntzeko. Izan ere, egoitzan dauden erabiltzaileek ez dute bisitak izateko aukerarik. 

Animo eta laster arte,  eta bai, lasai egon, gaur ez bada bihar.. baina itzuliko gara!!